2020ko aratosteak Eibarren eta Zarautzen

Aurtengo aratosteetan hiru egun jarraian arituko gara kaleak alaitzen: Zarautzen eta Eibarren.

EMANALDIAK

Zarautz. Ostegun gizena 20, 19:00 – 21

Eibar (Kaldereroak). Barixakua 21, 19:00 – 21:00

Eibar. Zapatua 22, 12:30 – 15:00

Kaldereroek historia luzea dute Donostian , baina Eibarren ere badute xarma berezia. 1930. hamarkadan ospatu ondoren, 1991. urtean berreskuratu zuen festa Kezka Dantza Taldeak , eta eurekin aritzen gara, Eibarko beste hainbat kolektibo eta herritarrekin batera.

Kaldereroen konpartsak tribu nomadak islatzen ditu. Lapikoak eta metalezko tresnak konpondu eta saltzen zituzten, eta hortik datorkie izena. Donostiako Danborradako doinuen konpositoreak , Raimundo Sarriegik, 1884an doinuak jarri zizkion Hungariako Kaldereroen Lehen Konpartsari. Melodia horiek joko ditugu datorren ostiralean, hilak 21ean, Eibarren, kaldereroz jantzita.

Aurretik, Zarautzen izango gara. Ondo hartzen gaituzte bertan herritarrek eta Udalak. Ostegun gizena han egingo dugu beraz, hilaren 20an, iluntze partean. Hurrengo egunean Eibarren Kaldereroak ospatu eta, larunbatean, berriro ere irtengo gara gure herriko kaleetara, azken urteotan indarra hartu duen koadrilen desfilea alaitzera.

Eta betiko galdera: nola mozorrotuko gara aurten? Hainbat proposamen izan ditugu eskuartean. Horietako batzuk post honetarako zentsuratu beharrean egon gara, eta besteak ere isiltzea erabaki dugu, datozen urteotarako sorpresa gordetze aldera. Nolanahi ere, uste dugu aurten ez dizuegula huts egingo… baina ez dugu aurretiaz iragarriko. Argazkiak ikusteko, jarrai gaitzazue Facebook eta Instagram sareetan. Pista txiki bat emango dizuegu: jotzeaz gain, aktuazio guztien ondoren egiten dugun zerbaitekin lotura du. Zer izango ote da?