Gustora aritu ginen Areetan… eta ostiralean, Urkiko jaietara!

2013-06-03 By Ez dago iruzkinik

Larunbatean Areetan (Getxo) aritu ginen Arenas C.F. taldea animatzen. Gure bigarren aldia izan zen Uribe Kostan, duela zenbait urte Eibarko Danborradarekin Gorlizen aritu ondoren, eta aukera aprobetxatu genuen Bizkaiko Zubiaren aurrean argazkia egiteko (pena argazkia atera genuenerako dagoeneko batzuek alde egin zutela).

bizkaiazubia

Giro polita eguerdian egindako kalejiran, eta giro polita Gobela futbol zelai inguruan. Zelai barruan bukatu genuen emanaldia, A por ellos kantuarekin eta futbol taldearen hereserkiarekin. Partida bide onetik joan zen eta Arenasek 1-0 irabazita Talavera gainditu eta 2. B mailara igotzeko playoffean hurrengo fasera igaro da. Eibarren bezala, zorionekoak Getxon ere bai!

gobela1

Ostiralean berriz, ekainaren 7arekin, Eibarren arituko gara: Urkiko jaietan, aspaldiko partez.Arratsaldeko 7etan hasiko gara eta bertan ere giro polita sortuko dugula espero dugu.

Urkikoarekin, 2013an daramatzagun hilabeteotan, iaz data berean egindako emanaldien bikoitza izango dugu egina. Sanjuanetan ere iaz baino gehiago joko dugu Eibarren, eta ari gara horretarako prestaketa lanak egiten. Laster emango dugu horren berri, nobedadeak izango baitira!