Ez entsaiorik, ez aktuaziorik, baina partiturak idazten lanean

2020-03-13 By Ez dago iruzkinik

Koronabirusaren hedapena gelditzen laguntzeko, erabaki dugu Ustekabe txarangaren jarduera arrunta etetea. Bertan behera utzi ditugu datozen asteotako entsaioak.

Txaranga handi xamarra gara: hamasei lagun elkartzen gara normalean, igandetan egiten ditugun entsaioetan. Iruditu zaigu arduraz jokatu beharra geneukala, eta erabaki dugu onena zela gure topaketak bertan behera uztea.

Kontratazioa irekita dago udako agendarako, baina ez ditugu emanaldi berriak hartuko datozen asteotarako. Martxoko jarduera bertan behera utzi dugu, oraingoz, eta hortik aurrera ikusiko dugu zer nolako gomendioak ematen dituzten osasun agintariek. Eskatutako prebentzio neurri guztiak beteko ditugu guk.

Partiturak egiten ari gara

Bien bitartean, etxeko lanetan dihardugu. Ez elkartzea erabaki dugu, baina beste lan batzuei ekin diegu. Aurten 20 urte beteko ditugula aitzaki hartuta, diska bat grabatzera goaz. Proiektua laster aurkeztuko dugu, baina iragarri dezakegu gaur bertan hasi dugula partituren moldaketarako ekoizpena.