“Gascon d’Argent” saria lortu dugu Condom-en

2014-05-12 By

Asteburuan Condom-en (Armagnac, Frantzia) izan gara, Europako Banda Jaialdian. Ostegunean iragarri genuen: berezia zen prestatutako ikuskizun tradizionala. Eta epaimahaiak ere berezia dela erabaki du, bigarren saria eman baitigu.

Dantza ikastaroa egin behar izan genuen ikuskizuna prestatzeko. Horretarako, Oier Araolazaren laguntza izan dugu. Gure hasierako asmoa guk jo eta kanpoko dantzari batzuek dantza egitea zen, baina Oierri esker ikusi dugu guk geuk dantza xumeagoak egin genitzakeela, eta berak erakutsi dizkigu. Ez dakigu nola eskertu eman digun laguntza guztia. Hasitako ibilbide horrek etorkizunean ere proiekzioa izan dezakeela uste dugu.

Jaialdian parte hartzeak lan handia suposatu digu, eta horrek ondorio positiboak izango ditu kalean jarduterakoan ere. Jaialdiko banda xumeetako bat izan gara. Umeen jaialditik kanpo, banda normalen artean, gazteena ezbairik gabe. Kide kopuru aldetik ere, 18 musikari eta hiru laguntzaile izan gara bertan, eta bazeuden 40 musikaritik gorako bandak, animatzaile askorekin. Guk guztia 21 pertsonaren artean egin dugu. Gainera, gure lehen aldia izan da horrelako leku batean. Gauzak ondo egiten saiatu gara, eta esperientzia hori baliatzea zen garrantzitsuena. Baina, gainera, besapean saria ekarri dugu Eibarrera. Ezin gara alaiago eta harroago egon.

Ikuskizun tradizionala

Musikariok koreografia sinplifikatuak egin genituen, baina dantzarienekin (Olatz Arizaga, Andoni Vázquez, Leire Aldalur eta Gaizka Azketa) batera ikusgarriak, benetan ere. Ikuskizuna egiteko, lau musikarik instrumentuak utzi eta Keka Dantza Taldeak utzitako erropa jantzi zuten. Dantzariak aurretik eta musikariak atzetik sartu ginen eszenatokia zegoen plazara, Sarrerako Martxa jotzen. Martxa interpretatuz hartu zuen bakoitzak bere lekua eszenatokian.  Behin bertan, Julen Oruesagastik Makil Txikia kantuaren sarrera eman zuen saxofoi sopraninoaz. Eszenatokiaren atzealdean geunden musikariak, eta altura txiki baten gainean dantzariak, makilak eskuan helduta. Publikoak txaloz jarraitu zuen makilen erritmoa, baina bertaratutakoen partehartzea ez zen horretara mugatu. Izan ere, hurrengo kantua Sorginak izan zen, eta horrekin, entzuleetako batzuk plaza-dantzara atera genituen.

la foto 1Laugarrenik, Kontradantza jo eta dantzatu genuen. Dantzariek ikuskizun polita eskaini zuten bertan, eta jarraian Unai Cabanzon tronpetalariak Marmutx jotzeko sarrera eman zuen. Ordurarte, musikariak bi hilaratan kokatuta geunden ikuskizunaren hasieratik. Kantua jotzen hasi ginenan, atzeko hilerakoak mugitzen hasi ginen eszenatoki osoa inguratu arte. Behin eszenatokia inguratuta, musikariok eszenatokiari biraka aritu ginen, barruan dantzariek zihardutela.  Ikuskizuna amaitzeko, irteerako Martxa jo genuen. Eszenatokia inguratzen genuen musikariok bi hilaratan banatu eta plazatik irten ginen. Irteeran, dantzariek makilak zutik jarri zituzten musikarioi pasiloa eginez. Fanfarrea plazatik irtetzen ari zela, txalo zaparrada hunkigarria jaso genuen.

Hobetzeko lekua badago, onartzen dugu. Koreografiak sinplifikatu behar izan ditugu eta, are gehiago barrutik, beti ikusten da zer hobetua. Baina oso harro gaude lortutako emaitzaz, izugarrizko aurrerapausu kualitatiboa eman dugu azken hilabeteotan.

Ustekabe osatzen dugun guztiok eskerrak eman nahi dizkiegu laguntzen aritu diren guztiei: ikuskizuna prestatzeko ezinbestekoa izan da Oier Araolazaren lana. Bere gidaritza gabe ezinezkoa izango zen dantzaldi horri ekitea. Carlos Sánchez-Barbak partituren moldaketa ondo bezain azkar egin digu. Pablo Zubiaurrek partituren prestaketan egindako lana giltzarri izan da. Eta noski, fanfarreko kide ohi eta laguneri. Horiek guztiak eskatu baino gehiago inplikatu dira proiektuan, eta posible egin dute lanaren emaitza.

Ikuskizunaren bideoa eta beste hainbat bideo eta argazki datozen egunotan argitaratzeko asmoa dugu.

GasconArgent